GELDITU eta GERATU
Giza garunak kontzeptuak bereganatzen ditu, eta kontzeptu abstraktu horiei izen desberdinak jar diezazkioke mintzaira desberdinetan.
Adibidez, ipurdia gainean jarrita egoteko tresnari "aulki" deitzen zaiola ulertzen dugunean (kontzeptua geureganatzen dugunean), oso eite, kolore, itxura desberdinetako gailuak barneratu ahal izango ditugu "aulki" kontzeptupean. Lehenagotik sekula ikusi ez ditugun diseinu apartak sartuko ditugu berehalakoan termino horren baitan.
Memoria ona baldin badugu, behintzat, aski izan dezakegu behin bakarrik "siège", "aulki", "asiento" (edo beste edozein hizkuntztako baliokide) hitza entzutea aurrerantzean funtzio hori duen edozerekin lotzeko.
Hori zakur batek ezin du egin, zakurrek "asoziatu" egiten baitute, hau da, guk erakutsitako hitz bat, gertakari, ekintza, objektu edo eskari batekin lotuko dute, gehienetan bat eta bestea segidan egitearen, eginaraztearen, erakustearen edo gertatzearen indarrez (gogoan izan Pavlov eta bere esperimentua). Behin eta berriz lotu beharko dizkiogu gauza bat eta bestea asozia ditzan. Ez du "ulertzen" (kontzeptua bereganatzen) "asoziatzen" baizik. Ezin diogu esan behin "aurrerantzean etzan esan beharrean platz esango dizut eta modu berean obeditu behar duzu" eta zakurrak hori ulertzea eta obeditzea espero. Hitz berria ("platz") asoziazio zaharrarekin lotu beharko dugu, eta horrek ahalegina eta, beraz, denbora beharko du.
Gizakiok hizkuntza (ez usaimena, ez irudimena, baizik gure buru barruan "entzuten" ditugun hitzak) erabiltzen dugunez ahal dugun maila abstraktuenean pentsatzeko (mintzairari esker lortzen dugu maila abstraktueneko pentsamentua), erabiltzen dugun mintzairaren mugek gure pentsamentuak mugatuko dituzte, aldiberean.
Beraz, ikasi eta erabiltzen dugun hizkuntza ez baldin bada nahikoa abstraktua, ez baldin baditu beharrezko kontzeptuak bereganatu, edota ez baldin baditu nahikoa argi definitzen, gure lorpen intelektualak ere mugatuak izango dira.
Halere, egun hizkuntza batzuek eta besteak elkarren itzalean garatzen eta bizitzen direnez, haietako batean barneratu den kontzeptu edo definizio berria bestetara kutsatuko da, bereganatu egingo dute besteek ere, hitz edo termino propioz edo atzerritarraz dela ere.
Baino, euskaraz maizegi ikusten dut artikulu honi izena ematen dioten bi kontzeptuak ez direla bereizten.
Inork gutxik (agian Iturgaitxek eta beste glototerrorista batzuek) erabiliko luke honoko espresioa: "22etan gelditu naiz mutilarekin afaltzeko eta zinemara joateko". Aldiz "22etan geratu naiz mutilarekin afaltzeko eta zinemara joateko" edo "22etan lotu naiz mutilarekin afaltzeko eta zinemara joateko", bizkaitarrak izanda.
Baino kontrako nahasmena ohikoagoa da: "autobusa geratu zen, bertatik jaitsi nintzen eta berehala berrekin zion bere bideari".
Nabarmena da autobusa ez zela geratu, ahalik eta denbora gutxien gelditu zen, baino geratu ez zen geratu. Geratzeak posizio, ibilbide edo jarrera aldaketa ez egiteko joera adierazten baitu. Eta autobusak ez zuen joera hori, lehenbailehen alde egitekoa baino.
Lurra, Eguzkiaren inguruko bere bidaian ez da "gelditzen". 100.000Km/h abiaduran etengabe aritzea nekez esango dugu dela "gelditzea". Baino geratu bai, orbita batean geratu da, meteorito batek, jota bertatik ateratzen ez duen bitartean.
Denboraren kontzeptuarekin ere antzeko gertatzen da, nekez esango dugu denbora gelditzen denik (batzuetan oso astiro dabilela senti baldin badezakegu ere), baino lantokitik irteteko halako denbora tartea "geratzen" zaigu, edota hainbat denbora "geratzen" zait halako lana amaitzeko...
Nahikoa desberdintasinik bada bi kontzeptuon artean gelditu eta geratu behar bezala bereiz ditzagun.
Eta berezi beharko genuke ere trena gelditzeko erabilitako tokiak (geldilekuak?) eta luzez egoteko erabilitakoak (geralekuak?), bidaia amaituta, alegia.
Gogoan izan, hitzak erabiliz pentsaten dugu, eta hitzak erabiliz komunikatzen gara. Kontzeptuak nahiko argi ez baldin baditugu, gure pentsamentua ez da zehatza, eta gure komunikazioa nahasgarria eta eskaxa.
![]() |
![]() |